Non dago irteerako atea?
Haizearengatik bizarra deslai,
eta bihotza ere bai
izotzak zuritutako bazterretan zehar.
Badator hotza
eta airean zintzilik geratzen da mundua
haizeak izoztuta bezala.
Zerua azul dago hodeirik ez dagoenez,
baina etorriko dira hodeiak astiro kuku egitera,
gu agurtzera,
eta guztia zuri bihurtuko dute berriz,
eta goizeko isiltasunak,
lasaitasuna sentiarazi beharrean,
ospitaleko itxarongelek bezala,
goragalea piztuko diote.
Bazterrak zuri,
zerua azul,
eta sudurra gorri dauka
goizeko haizeak erre diolako laztan maltzurrez
eta eskuak more, hotzaren hotzez,
zulatutako eskularruen azpian.
Zulatutako eskularruen azpian
eskuak more, hotzaren hotzez,
eta sudurra gorri dauka,
eta bere kolore ilunez
eta usain mikatzez
zuritasun urdin
urdintasun zuri honetan zulo,
zulo beltz bat,
zulatutako zulo bat
besterik ez da bera.
Higuinez begiratzen dio aurreko pareta zuritik gizon dotore batek
usteldutako zerbait
(Norbait? Auskalo)
ikusi izan balu bezala
eta bertatik segituan ospa egiteko esan dio.
"Ez dakit zelan."
erantzun dio serio gizon dotoreari,
hori baita egia hutsa.
Inoiz gutxitan jakiten du ezer,
inoiz gutxitan sentitzen du ezer
hotzaz besterik.
hotzaz besterik.
Beste eskaleren batek agurtzen duenean,
poliziak egurtzen duenean,
hortxe sentitzen du zerbait
(Norbait? Auskalo).
Beste egunetan
zuloa baino ez da.
Zulo bat
Zulo bat
bero-eske
garrasi mutuz.
Eskuak hatsez berotzen saiatu da,
baina hotz jarraitzen dute.
Instant batez
amaren besoetan egon nahiko luke,
eta sutondoan
egurrak erretzean egiten due soinua entzun,
eta ama ikusi
galtzerdi zaharren zuloak josten,
eta jos diezazkiola eskularruak,
eta bero diezazkiola eskuak
bere suak.
Baina haizeak sua itzali du,
eta non geratzen dira amaren besoak
infernu izoztu honetan?
Dardarak ez dio kasik arnasa hartzen uzten,
baina aurreko horma zuriek
entzungo dituztelakoan bere miseriak
zezelka diotso ezerezari:
"Non dago irteerako atea?"
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina